| Landare Osasuneko Laborategiaren
egiteko nagusia da landatutako landareek duten gaixotasun
orori buruzko diagnostikoak egitea. Laborategian badago intsektuek,
akaroek, nematodoek, onddoek, bakteriek, birusek eta fisiopatiek
sortutako izurrite eta gaixotasunen diagnostikoa egiteko behar
den ekipamendua. Baratzeko landareak, basoko landareak, fruta
arbolak, landare apaingarriak, zelaiak eta larreak dira aztertzen
ditugun landaketa talde nagusiak; landareen nahiz zoruen edo
ureztatze uren analisiak egiten dira. Gainera, hainbat arazori
buruzko argibideak ematen ditugu: belar txarrak nola sailkatu,
etxeetan agertzen diren intsektuek edo pertsonei kaltea eragiten
dietenek sortzen dituzten arazoak nola konpondu, egurrari
erasaten diotenekin zer egin eta abar.
Landareen izurrite edo gaixotasunen diagnostikoak eskatzeko
honakoa egitea aholkatzen dugu:
- Lagin ona hartu: lagin egokia aukeratzeak berebiziko
garrantzia du, lagin txarra hartzen bada arazoa ezingo baita
behar bezala aurkitu. Gaizki aukeratutako lagin batek, edo
egoera txarrean dagoen batek, ez du diagnostiko on bat egiten
uzten. Lagin ona da gaixotutako landarearen zati osasuntsu
bat eta zati gaixo bat dituena, gaixotasunaren aurrerapen
frontea duena, alegia. Landare osoa baldin badago gaixo,
landare horren lepoaren inguruko lurraren eta sustraien
lagin bat ere bidali beharko da. Laginketa egiteko moduaren
inguruko edozein zalantza argitzeko jarri harremanetan Landare
Osasuneko Laborategiarekin.
- Laginak zerenak diren argi adierazi: hartutako laginak
poltsetan sartu behar dira, bakoitzak bere identifikazio
kodea modu argi eta zehatz batean duela, nahasterik sor
ez dadin.
- Inprimakia
bete ahalik eta datu gehien jarriz, arazoa aurkitzeko laguntza
handikoak izaten dira eta.
- Lagina laborategira azkar bidali, zuzenean edo Eskualdeko
Nekazaritza Bulegoen jasotze zerbitzuaren bidez. Oso garrantzitsua
da lagina egoera onean iristea eta horretarako ahalik eta
denbora gutxien pasa behar du jaso eta laborategira iristen
den arte. Zalantzarik izanez gero deitu telefonoz edo idatzi
dberra@gipuzkoa.net
helbidera.
- Sagarrondoen izurriteei eta gaixotasunei buruzko argibide
gehiago nahi izanez gero jo web
orri honetara.
Diagnostikoa: beharrezko analisiak
egin ondoren arazoaren diagnostikoa eta arazoa kontrolatzeko
aholkuak bilduko dituen txostena bidaliko da.
|